Ezagutu eskaintzen dizugun Euskal Edarien aukeraketa berria
30 Abendua 2020

Itxasburu sagardotegia

“Gure sagardoaren kalitatea, bertako sagarrak ondo aukeratu eta nahastuz lortzen dugu” Itxas Buru sagardotegia, Ascensio Intxauspek ireki zuen 1982an eta lehendik sagardoa egiten bazen ere, orduan hasi zen sagardoa saltzen. Urumea errekaren ertzean kokatua dago sagardotegia eta 8 hektarea sagasti gestionatzen ditu gaur egun, etxeko sagastiak eta inguruko baserrietako sagastiak hartuta. Bertako sagarrari garrantzia handia ematen zaio Itxasburun, kalitatezko sagardoa lehengaiaren zaintzatik datorrela jakitun. Sagardoa modu tradizionalean egiten da, eta, ahal bada, egunean zehar bildutako sagarra egunean bertan jo eta zanpatzen da, muztioaren kalitatea ahalik eta onena izan dadin. Itxas Buru sagardotegiko Sagardoaren kalitatea ondo aukeratutako bertako sagarren nahasketak ematen du, eta hori nabarmenduko dugu Jatorri Deitura duen bere Euskal Sagardoan. Urtebi Haundi eta Urtebi Txikia dira gehien aurkituko ditugun sagar motak, baina hauen lagungarri beste 20 sagar mota daude beren sagastietan, gezak eta gaziak: Txalaka, Moko, Patzolua… “Txotx garaian bezeroa mimatzea da gure helburua” Itxas Buru sagardotegiak jendearentzat ateak zabaltzen ditu txotx garaian eta udaran, eta beren helburua da bezeroak mimoz tratatzea eta etxean egindako lana erakustea. Etxeko sagarrarekin egindako sagardo desberdinak dastatzeak gain, menua ere ondo landua izaten da: bakailao tortilla, etxeko izarra den bakailaoa saltsan eta txuleta eta postrea. Horrez gain, zenbait aldaketa ere izango dira menuan udarari begira. Hori guztia, kalitatezko bertako sagardo desberdinek ematen duten aukera eta “jolasarekin”. “Azken urteetako gure helburua da etortzen den bezeroa mimatzea, talde txikiagoak hartu eta eskaintza egoki bat ematea, sagardoaz, menuaz eta sagardotegiaz gozatzeko”.